SELEKZIOEN 2013ko EUROPAKO XAKE TXAPELKETAK.

(2013ko azaroaren 8tik 17ra, Poloniako Varsovia hirian).

 

 

 

EMAKUMEZKOEN SELEKZIOEN EUROPAKO X. XAKE TXAPELKETA.

 

 

 

            Parte hartzaileak: 32 selekzio.

 

         UKRANIA SELEKZIO TXAPELDUNA: MUNDUKO ETA EUROPAKO TXAPELDUNAK.

 

Kateryna Lagno (2.542) – 9 partidatan 6 puntu (% 66’67).

Anna Ushenina (2.492) – 8 partidatan 6’5 puntu (% 81’25).

Mariya Muzychuk (2.491) – 8 partidatan 6’5 puntu (% 81’25).

Natalia Zhukova (2.466) – 7 partidatan 3 puntu (% 42’86).

Inna Gaponenko (2.402) – 4 partidatan 2 puntu (% 50).

 

 

Kateryna Lagno.

 

 

Anna Ushenina.

 

 

Mariya Muzychuk.

 

 

Natalia Zhukova.

 

 

Inna Gaponenko.

 

 

 

 

 

 

 

            2.498ko bataz besteko eloarekin Ukrania lehenengo zerrendaburua zen. Pronostikoa bete egin zuen.

 

            Anna Usheninak eta Mariya Muzychuk batez ere hartu zuten erantzukizuna eta selekzioa garaipenera eraman zuten, lehenengo mahaian Kateryna Lagnoren lan onaren laguntzaz.

 

            Lehenengo bost txandatan 5 garaipen eta 10 puntu pilatu zituen Ukraniak, Azerbaijan (1-3), Bielorrusia (3’5-0’5), Frantzia (1-3), Israel (2’5-1’5) eta Polonia (3’5-0’5) garaitu ondoren. Seigarren txandan, Georgiarekin berdindu zuen (2-2). Georgia hirugarren zerrendaburua zen eta aurreko Europako Txapelketan hirugarren postuan geratu zen.

 

            Polonia III gainditu zuen zazpigarren txandan (1’5-2’5) eta Armenia seigarren zerrendaburuaren aurka eskuratu zuen loria zortzigarren txandan. Emaitza 3-1 izan zen. Azkeneko txanda jokatu aurretik Ukrania matematikoki txapeldun zen.

 

            Errusia arerio nagusia egokitu zitzaion azkeneko txandan. 3-1 galdu zuen Ukraniak, baina ordurako Europako bigarren titulua bereganatua zuten ukraniarrek.

 

            Martxoaren 12an, Kazakhstango Astana hirian, talde berberarekin, selekzioen munduko txapelketa irabazi ondoren, Ukraniak emakumezkoen xakean bere nagusitasuna berretsi zuen.

 

         ERRUSIA SELEKZIO TXAPELDUNORDEA: HIRU TXAPELKETETAKO BOLADA, APURTUTA.

 

Valentina Gunina (2.509) – 9 partidatan 6 puntu (% 66’67).

Alexandra Kosteniuk (2.510) – 8 partidatan 7’5 puntu (% 93’75).

Natalija Pogonina (2.499) – 7 partidatan 4’5 puntu (% 64’29).

Olga Girya (2.447) – 7 partidatan 4’5 puntu (% 64’29).

Aleksandra Goryachkina (2.438) – 5 partidatan 2’5 puntu (% 50).

 

Nadezhda eta Tatiana Kosintseva gabe, Errusiak zertxobait ahuldu zuen bere indarra. Hasieran bigarren zerrendaburua zen, 2.491ko bataz besteko eloarekin. Postu horretan amaitu zuen txapelketa.

 

            Alexandra Kosteniukek lan harrigarria eginda ere, seigarren txandaren bukaeran ia aukerarik gabe zegoen aurreko hiru urteetan lortutako titulua berritzeko.

 

            Txekia 3-1 gainditu zuen lehenengo txandan. Bigarrenean, ordea, porrot umiliagarria jasan zuen Israelen aurka (2’5-1’5). Israel, 2.295eko bataz besteko eloarekin, hamabosgarren zerrendaburua zen. Emaitza honek asko baldintzatu zuen azkeneko sailkapena.

 

            Austria eta Polonia Futures jipoitu zituen hirugarren eta laugarren txandetan (4-0 eta 0-4), baina berriz okertu zuen bidea ondoren.

 

            Alemania (bosgarren zerrendaburua) eta Polonia (laugarrena) arerio arriskutsuak ziren. Errusiak biekin berdindu zuen (2-2).

 

            Azkeneko txanpan Errusiak, hortzak erakutsita, garaipen garrantzitsuak erdietsi zituen Hungaria, Georgia eta Ukraniaren aurka: 1’5-2’5, 3-1 eta 3-1. Berandu zen titulua eskuratzeko. Zortzigarren, hirugarren eta lehenengo zerrendaburuak azpiratzeak zilarrezko dominarako bidea ireki zion, ordea.

 

         POLONIA HIRUGARREN SAILKATUTAKO SELEKZIOA: BERRIZ ERE PODIUMEAN.

 

Monika Socko (2.431) – 9 partidatan 5 puntu (% 55’56).

Jolanta Zawadzka (2.383) – 8 partidatan 4’5 puntu (% 56’25).

Joanna Majdan-Gajewska (2.420) – 6 partidatan 3’5 puntu (% 58’33).

Iweta Rajlich (2.404) – 4 partidatan 1’5 puntu (% 37’50).

Karina Szczepkowska-Horowska (2.382) – 9 partidatan 7 puntu (% 77’78).

 

            Polonia laugarren zerrendaburua zen, 2.410eko bataz besteko eloarekin. Karina Szcepkowska-Horowska izan zen bere jokalaririk onena, % 77’78ko portzentaiarekin, partida guztiak jokatuta.

 

            Nahiko itxuroso hasi zuen txapelketa, lehenengo 4 txandetan 8 puntu eskuratuta. Italia (3’5-0’5), Espainia (1-3), Errumania (2’5-1’5) eta Armenia (2’5-1’5) garaitu zituen.

 

            Bosgarren txandan Ukrania erraldoia parez pare izan zuen eta puntu erdia besterik ez zuen eskuratu neurketa horretan.

 

            Errusia eta Georgia talde indartsuak egokitu zitzaizkion ondoren. Horiekin berdintzea emaitza ona izan zen, podiuma harrapatu ahal izateko.

 

            Gero egindako lan ona biribiltzea zegokion. Bulgaria (1’5-2’5) eta Lituania (3-1) gaindituta, hirugarren postu bikaina lortu zuen.

 

            Polonia azkeneko 5 txapelketetan 4 aldiz igo da podiumera. 2005ean, Gotenborg hirian (Suedia) txapeldun izan zen.

 

         GAINONTZEKO SELEKZIOEN LANA, AZTERGAI.

 

            Frantzia nabarmendu beharra dago, eta ez onerako. Zazpigarren zerrendaburua 31. postuan geratu zen, berdinketa bat eta bost porrot lasta hartuta.

 

            Lituania, Polonia III eta Txekia beste aldea izan ziren. Lehenengo hamarren artean amaitu zuten (zortzigarren, bederatzigarren eta hamargarren, hain zuzen ere). Postu onak hasierako ranking-ean 16., 13. eta 18. tokietan zeuden selekzioentzat.

 

            2013-11-17.

 

                Iturria: FIDEren webgunea.